Antzuolako planta, bere 50. urteurrena ospatzen
Martxoan ospatu zen 19. Korrikan parte hartu ondoren, aurten Elay-ko langileak festa giroan ospatzen jarraitu ditugu, besteak beste, ekaineko Ate Irekien Eguna eta uztaileko Ekitaldi Eguna.
Ekainean zehar txirrindulari eta kirol zaleak Elay-ko ekipazio berria lehen aldiz janzteko aukera izan genuen eta, horretaz gain, ekainaren 13an jende-multzo ugari -700 lagun inguru- bildu ginen Antzuolan, Elay-ko Ate Irekiak direla eta. Egun horretan aparteko aukera izan genuen guztiok gure etxekoei gure lantokiaren instalazioak erakusteko eta, noski, horrekin batera, bisita gidatuaren amaieran, horretarako prestatu ziren karpetan pintxo eta trago pare bat hartu eta elkarren artean lasai hitz egiteko aukera ere.
Bestalde, urtero uztailean afari bat egiten badugu ere, aurtengoa oso bilera berezia izan da. Uztailaren 16an, gure 50. Urteurrena dela eta, bertako langile izan diren eta garenok Elay-n bertan elkartzeko aukera izan genuen. Eguerdian hainbat ekitaldi eduki genituen, non benetan hunkigarriak izan ziren une desberdinak bizi izan genituen eta, ondoren, baita ere lehen aldiz, horretarako prestatu zen gunean bazkaria izan genuen. Hori bai, betiko usadioari eutsiz, ezin ziren falta gure “Kaxeta”-ren bertsoak (esan behar bati baino gehiagori bihotza ukitu zigutela) eta gure bazkal-osteko abestiak. Dantza eta festa giroan pasatako egun polita, nahi zuenak Antzuolako jaiekin lotzeko aukera izan zuena.
Hala ere, urtea amaitu baino lehen, beste hainbat ekintza antolatuko dira. Horren berri ematen joango gatzaizkizue.